Kudeaketa eredua

Kudeaketa eredua

Hezkuntzako etapa guzietako Ikasleriaren garapen integralaren gaineko hausnarketa prozesu sakon baten ondoren, San Fermin Ikastolak antolakuntza eredua aldatu zuen, eta 2003. urtean sortu zuen gure kudeaketa eredu propioa.

Zentzu honetan, San Fermin Ikastolan irakasle guztiek tutoretzaren eginkizunetan parte hartzen dute, uste baitugu ezen ikasleriaren garapena integralean beharrezkoa dela irakasleri osoak parte hartzea. Eta OKU deitzen ditugun oinarrizko kudeaketako unitateen bitartez, elkar-lanean eta taldeka, lan egiten dugu.

Aipatu OKU horien bitartez ikasleriaren jarraipen integrala eta koordinatuta ahalbidetzen da, beti ere, tutore guztiek partekatutako erantzunkizun eta kudeaketaren menean. Horrela, Bigarren Hezkuntzan edo Batxillerrean, adibidez, tutoretza ez da gelaka antolatzen, baizik eta irakasle taldeka, zeinek, ikasgai ezberdinetatik abiatuta, begirada, jarraipena eta esku hartze ahalmena zabaltzen duten hainbat garapen eremutan: ikaskuntza, soziala, afektiboa,…

Haur Hezkuntzan OKU hezkuntza-bikote bat da (tutorea eta kotutorea), non eta talde eta ikasleen bilakaeraren gaineko planteamenduak partekatu eta aberasten diren eta begirada zabaltzen den.

San Fermin Ikastolan ikaslea da egitasmoaren erdigunea eta kudeaketa eredu honek, hain zuzen, baldintza horri erantzuna ematen dio. Gure kudeaketa sistemak banan-banakako jarraipena bermatzen du Haur Hezkuntzatik Batxillerreraino, hala ikaskunza etekinaren inguruan nola ikasleen garapen integralarekin zerikusia duten bertzelako egoeretan.