Mendira goaz!

San Fermin Ikastola Mendi Irteera
2021 · 09 · 22

Datorren irailak 26rako aurtengo ikasturteko lehen irteera antolatu du ikastolako mendi taldeak. Pandemiaren eraginez,  aspaldi ezin izan dira halako ekimenak antolatu baina, oraingoan, gogotsu eta ilusioz beteta datoz antolatzaileak, berriz ere talde honen jarduerari bultzada bat emateko asmoz. Egun honetarako proposamena Berrondoko (883 m.) haitzara igotzea da,  Iruñetik oso hurbil dagoen Otsakain herritik abiatuta. Osotara, sei kilometroko ibilbide erraza izango da, 300 metroko malda eginez, hiru ordutan burutu daitekeen mendi buelta. Aukera polita, beraz, txikienekin ere (Haur zein Lehen Hezkuntzako haurrekin) egiteko. 

Antolatzaileen arabera, oso irteera polita izango da, besteak beste, bidea, ia denbora guztian, basotik doalako eta bertan animalia bereziak ikusteko aukera ere izango delako (Galoway behi iletsuak, adibidez). Ibilbidearen erdian, bestalde, Ezkabako ihesaldian parte hartu zutenek egindako bidea ezagutzeko aukera izango da, baita haize errota berriak eraiki nahi dituzten ingurunea ere. 

Irteera ordua goizeko 8.45ean finkatu dute, ohitura den bezala, Sadar futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan. 

San Fermin Ikastolako mendi taldea guraso talde batek osatutako ekimena da. Talde honen helburua haurrak txiki-txikitatik mendia ezagutzea eta harekin zer-ikusia duten jardueren inguruko ezagutzak eta zaletasuna barneratzea da.