Asisko Urmeneta “Sorgina, banaiz!” lanarekin ikastolan
Asisko Urmeneta Otxoa komikigilea San Fermin Ikastolan izan da gaur. Iruñean jaiotako eta azken urteotan euskal komikigintzan erreferente bilakatutako sortzailea bere azken lan dokumentala aurkeztera hurbildu zaigu: "Sorgina, banaiz!". Nafarroako konkistaren testuinguruan gertatutako sorgin-ehizak ardatz ditu Aitor Karasatorrerekin batera sortutako dokumentalak eta gogoetarako gonbita egiten du, ikuspegi kritikoa landuz
Urmenetak azaldu duenez, azken urteotan historia begirada zorrotz eta kritikoarekin berrirakurtzeko ahaleginean ari da, eta helburua sakon errotuta ditugun mito, sinesmen eta ohiturak berrikustea zein desikasteko prozesuak bultzatzea dela nabarmendu du.
Bisitan, bere lan-ildo hori Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei aurkeztu die, gazteen irakurketa-ohiturak pizteko eta pentsamendu kritikoa lantzeko asmoz. Saioak interes handia piztu du, eta ikasleek aukera izan dute sortzailearen lan-prozesua eta ikuspegia gertutik ezagutzeko, bai eta zuzenean Urmenetaren marrazketarako trebezia ezagutzeko.