Grezian dira dagoeneko 1. Batxilergoko ikasleak

San Fermin Ikastola, Greziara Ikasbidaia 2019

7. eguna

Goiz jarri dute abian ekainaren 23a gure ikasbidaiako taldea, nahiz eta 17:00ak arte ez diren Tolotik Atenaserantz abiatu.
Maletak prestatu, logeletan antolatu, goiza hondartzan eman eta dutxa baten ondotik bazkaldu dute. Toloko azken ekimena maletak autobusetan kargatzea eta martxan jartzea izan da.
Aurrekoan Iliadak aipatzen duen Mizenasen izan gara eta gaurkoan gure ikasbidaiaren odisearen bloke nagusia 20:00etan hasi da. Ordu horretan bertan Atenaseko Eleftherios Venizelos aireportura iritsi da taldea eta fakturatu eta arinki afaldu ondoren, 23:00etan ontziratu da ikasle eta irakasle saldoa. Bartzelonan 1:35ean lur harturik, puskak jaso eta busak kargatu dituzte.
Bidaiaren azken txanpari 2:30 aldera eman dio hasiera gure ikasbidaiari taldeak.
Azkenik etxean! Ikastolatik irten dira ekainaren 16ko goizeko 9etan eta Ikastolara heldu dira ekainaren 24ko goizeko 08:00etan. Hainbat bisita, azalpen eta bidaia elkarrekin burutu dute eta elkarrekin errepikagaitza den esperientzia eta bidaia ukan eta sortu dute.
121 ikaslek eta 7 irakaslek osatu ikasbidaiari taldeak Greziako Historiaren urrezko adierazle diren aztarnategi, museo eta gune arkeologikoak ikusi eta ikasi dituzte. Eta azpimarratzekoa da Ikastolak antolatu Ikasbidaia ez dela zernahi modutan egina. “Ikas-“ hitzak pisu handia du. Eta pisu hori irakasleek gauzatzen dute, osoko hezkuntza bat bideratuz.
Aurten, Iñigo Alduntzin, Julia Velaz, Izadi Oroz, Iñigo Mayans, Julen Fagoaga, Egoitz de la Iglesia eta Itsaso Kondearenak osatu dute Itsaso Kondearenaren zuzendaritzapeko ikasbidaiako irakasle taldea.
Biba ikasbidaiariak!
Biba ikasleak!
Biba irakasleak!

6. eguna

Tenpluekin batera, antzokiek osatzen dute greziarren arkitekturaren ardatza. Pasa diren egunotan antzoki bat eta odeoi bat ikusi ditugu. Lehena greziarra, azkenekoa erromatarra.
Greziarrek magalak probesten zituzten ahal bezainbeste haien antzokiak eraikitzeko. Gaurkoan horren bi eredu adierazgarri ikusi du gure ikasbidaiako taldeak: Epidauro eta Argoseko antzokien gune arkeologikoak.
Lehen horretan, aztarnategi arkitektonikotik hasi dira, hau da, Asklepioren, medikuntzaren jainkotasunaren, omenez eraikitako sendagunetik. Bertan, estadioa, Artemisaren tenplua, Asklepioren tenplua eta Mizenasen ikusitako tholon baten ideia garatu eta konplexuagoa ikusteko parada izan dute, beste gauza askoren artean.
Ondoren, bisitarako gune berezienerako bidea hartu dute. Akustikaren miraria eta 14.000 ikusle hartzeko espazioa zuen Epidauroko antzokia ikusi dute. Azalpen motz bat eman eta gero, ikasleak eskaileretan gora joan dira. Akustika probestuz, antzokiaren orkestraren zentruan kokatuz, irakasleek haientzat zuten mezu pare bat bidali dute. Esanguratsua da aipatu mezu hau solasaldi normal baten bolumenean emana izan dela eta ez oihuka. Guzti honetaz gain, eskultura eta kapitel itzel eta sineskaitzez osatutako museo txikia ere bisitatu dute gureek.
Antzokiaren lehen lerroak baliatuz argazki ofizialetako bat atera dute, ikus daitekeen moduan.
Harrigarria den aztarnategi hau utzirik, Argosera jo dugu. Antzoki honen bikaintasuna harrian bertan zizelkatu antzokia dela da. Hau da, 20.000 ikusle hartzen zituen antzoki honen gehiengoak mendiaren harrian bertan ikusi ohi zituen ikuskizunak. Aipatu beharra dago erromatarrek bertan egindako obrak, antzokiaren orkestra urez bete ahal izateko sarrerak, parodoi, itxi baitzituzten. Honek, sarrera harmailen 7. alturara mugitzea ekarri zuen.
Irakasleen azken azalpenak entzun ondotik, Argosen bazkaldu dute ikasleek eta hondartzan emanen dituzten azken orduak biziki probestu dituzte.

 

5. eguna

Peloponesoko Argolida eskualdeko hiriburua bisitatu dugu gaur, Nauplio. Hiri honen balio nagusia, kokapen estrategikoari dagokiona da. Eskualdeko portu nagusia izateaz gain, Greziak independentzia lortu eta Atenas hiriburu izendatu bitartean, 1822-1834, Greziako erresuma askearen hiriburua izan da.
Bisitatu lehen gunea, Nauplio ondoko mendatean dagoen veneziarrek eraiki Palamidi gotorlekua izan da. Haiek eraiki eta urte batera, gutxi gorabehera, otomandarrek konkistatu zuten Nauplio.
Otomandar iturriak, veneziarren San Markosen lehoiak eta iraultzaileen eskulturak topatu behar izan dituzte gure ikasleek, Atenaseko gynkanaren eredua jarraikiz.

4. eguna

Atzo Tolora bidaiatzeko abiatu ginen Atenasetik eta gaurkoan, aldiz, berriro ere ekin diogu Historian bidaiatzeari.
Iliada eta Odisea, Priamo eta Agamenon, Paris eta Menelao, Hektor eta Akiles. Binomio hauek azken bat behar dute: Troya eta Mizenas.
Hau esanda, gaur, ekainaren 20an, Mizenas gotorleku historikoa ikusi dugu. Schliemann arkeologoak, 1876.ean, interes handiko honako aztarnategia topatu zuen. Bertan, Lehoien ataria, hilobi zirkuluak, megaron eta Atreoren altxor, edo Agamenonen hilobi, arrahandia ezagutzeko aukera paregabea izan dute gure ikasleek.
Bisita hau amaituta, busak hartu eta Archaia Nemea bisitatu dugu. Zehatzago izate aldera, Nemea Zaharrean dagoen aztarnategi txiki bezain ederra izan da bisitatu duguna. Zeusen tenplo ikusgarri baten aztarnak eta arras garrantzitsuak izan ziren Joko Nemearrak hartzen zituen stadium itzela ikusteko parada izan dute.
Joko Nemearrak 2 urtean behin ospatzen ziren eta, Joko Istmiko eta Olinpikoekin batera, Joko Panhelenikoen sarearen parte zen.
Lehenago aipatu estadioak 180m inguruko luzera du eta, jokoak martxan ziren garaian, 30.000 ikusle har zitzakeen. Estadioaren ondoan, tunel batek loturik, atleten aldagelen aztarnak dira ikusgai.
Bazkaltzeko tartetxo bat hartu ostean, Tolora itzuli gara.
Historian igeri egitea izugarria denez eta aztarna eta ondareengandik oso gertu ibiltzen garenez, irakasle taldeko baten hitzak hona ekarriz: “Greziako aztarnategiak eta museoak hunkigarriak bezain ukigarriak dira”.

3. eguna

Ikasbidaiak atal anitz ditu: logistika, azalpenak, ikasketa eta biziki garrantzitsua den bidaiatzea.
Hala izanik, gaurko egunaren, ekainaren 19aren, zati handi bat autobusean eman dugu. Atenasetik Tolorantzako bidea 3 ordu ingurukoa da. Heladetik, Grezia kontinentaletik, Peloponesoko penintsulara igarotzeko, Korintoko istmoa gurutzatu behar da. Bertan, XIX. mendearen amaieran Korinto eta Istmia lotu dituen kanala eraiki da.
Korintoko kanalaren zubi garrantzitsuenean gelditu, oinez zeharkatu eta bazkaldu dugu. Behin autobusera itzulirik, Tolora abiatu gara, azken txanpari ekinez.
Horra iritsi, gelak antolatu eta gehienentzat udako lehen bainua hartu dugu (aisiari dagokionez, bistan da).
Hasi da, honenbestez, aro ezberdinetako aztarnategietan murgiltzeko tenorea. Bisitatuko ditugun lekuen artean Mizenas, Nemea eta Epidauro historikoak ditugu.

 

2. eguna

Ikasbidaiaren bigarren jardunaldia jakintzaren jaia izan dela esan daiteke, asteartea, ekainak 18, museoen eguna izan baita.
Goizean goiz abiatu dira gure ikasleak Akropoliaren museora. Atzokoan edukiontzia ikusi eta ikasi zuten. Honakoan, aldiz, Akropolia eta museoaren arteko lotura arkitektonikoa bizi dute, barne-barnetik. Aztarna prehistorikoak, Partenoiaren atal eta osagai ezberdinak, Erekteionaren 5 Kariatide (6.a, greziarrek askotan bueltan eskatu badute ere, britaniarrek dute haien British Museumean, tenplu nagusiaren metopa eta frisoaren atal ezberdin dexenterekin batera).
Irakasleek gidatutako bisitaren ondotik, bazkaltzeko unea heldu da. Hala, ikasleak Atenasen barna ibili dira, hiria hobeki ezagutzen.
Arratsaldearen erdialdean, argazkian ikusgarri den Greziako Arkeologia Museo Nazionala bisitatzeko parada izan dute. Honako honetan, ikasleek gertutik ikusi dute hurrengo egunetan bisitatuko duten aztarnategi bat edo bestetan bildu ondare materiala. Azkenik, nabarmentzekoa da, gure ustez, hautazko jarduera izanik, ikasle guztiek parte hartu dutela.

 

1. eguna

2019ko ekainaren 17an, goizeko zortzietan hasi da Atenasen San Fermin Ikastolako ikasle eta irakasleendako aurtengo ikasbidaia. Gosariaz gozatu ondotik, abian jarri da Grezian den gure Batxilergoko 1. mailako ordezkari taldea. Bidearen helmuga zein zen denek argi zuten: Atenaseko Akropolia.
Bertan sartzeko traba txiki batzuk behin konpondu dituztenean, Propileoak, Erekteiona eta Partenoia ikusteko parada izan dute eta irakasle taldearen azalpenengandik balio handiko informazioa ere eskuratu ahal izan dute.
Bisita amaitzeko, Herodes Atikoaren odeoia atzean utzi eta Dionisosen antzokira jo du gure taldeak. Bertan, antzokiei buruzko oinarrizko azalpenak jaso eta bazkalordua segika izanik, Greziako gastronomia dastatu ahal izan dute gure ikasle zein irakasleek.
Arratsaldeari dagokionez, gyncana arkeologikoa izan da jarduera nagusia. Honetan, Adrianoren garaipen-arkua, Zeus Olinpikoaren tenplua, Lisikratesen linterna eta Haizearen Dorrea ikusi ahal izan dituzte.